Itsasoko yolako arrauna bereziki Mediterraneoko kostaldetan praktikatzen zen, bertako Itsas Elkarteetan: Katalunia, Levante eta Espainia hegoaldeko elkarteetan. Horiekin batera Bilbo, Donostia eta Ipar Euskal Herriko hainbat gunetan ere egiten zen. Euskal kostaldeko gainontzeko portuetako gazteen artean, ordea, aulki mugikorreko arraunak ez zuen arrakasta handirik. Lehen esan dugun bezala, askoz ospetsuagoa zen tostako arrauna, beren ustez gogorragoa.
Behin elkarte berria sortuta, lehen emaitza kaskarrek ez zuten taldea ikaratu. 1923ko emaitzak berriro ere txarrak izan ziren, baina oso argi zeukaten elkartean arraunlari onak zeudela eta arazoa ontzia zela. Ontzi egoki bat lortzera bideratu zituzten indarrak.
Baliabide ekonomikoak, ordea, oso urriak ziren eta oraindik ordaintzeke zituzten Euskotarrak yola egiteko erabili zituzten materialak. Bazkide kopurua ere oso txikia zen, eta horrela ezin zuten yola berri bat erosi.
Hala ere bazekiten Donostiako Itsas Elkarteak bazuela yola zahar bat txokoratuta. Elkarte horrek 1917. urtetik jarduten zuen aulki mugikorrean eta erabiltzen ez zuten yola bat zuten elkartean gordeta. Era horretan, eta Donostiako Itsas Elkarteari esker, UR-KIROLAKeko arraunlariek garaipenak lortzeko lehen urratsa eman zuten.
Lehen urrats horiek emateko gogo, lan eta sakrifizio asko egin behar izan zituzten UR-KIROLAKeko arraunlariek. Yola zahar hura arraun egiteko moduan jartzeko ordu asko behar izan zituzten, sei hilabete luze. Ohiko lan orduetatik kanpo zaleek utzitako soto, garajeetan.... jarduten zuten lanean.
Behin Antziak izeneko yola berrituta, 1924. urtean UR-KIROLAK elkarteak federatzea erabaki zuen Espainiako Txapelketan parte hartzeko asmoz. Urte horretan Donostian jokatu zen Espainiako Txapelketa, Donostiako Itsas Elkarteak antolatuta, eta UR-KIROLAKeko arraunlariek lortu zuten garaipena Donostiako Itsas Elkartea, Alacant, Bartzelona eta Tarragonaren aurretik.
Hura izan zen lehen garaipena, kate luze baten hasiera. Hauek izan ziren Antziak-eko arraunlariak:
PERICO CARRIL – JOSE ECHEVERRIA
AGUSTIN LACOSTE – GASPAR GARRAGARAY
Lemazain, ANTONIO ZULAICA
1925
Alacanteko uretan lortu zuten berriro txapelketa. Abuztuaren 16an 2.000 metroko estropadan, baina hiru ziabogekin (beste estropada guztietan ziaboga bakarra izaten zen); berriro UR-KIk txapelketa lortu zuen "lemazain 4ko yola”n. Lizarraga arraunlariari erdi lanetan aulkia atera zitzaion eta handik aurrera errail gainean eserita egin zuen estropada, arraunketa murriztuz eta min handiarekin.
Duda barik arraunlari haien teknika nahiko kaskarra zen aulki mugikorrerako, eta oso kritikagarria adituen aldetik; baino haien indarrak eta ilusioak erraz gainditzen zituzten bestelako akats guztiak, eta argi eta garbi erakutsi zuten arraunlari hauek:
ANGEL LIZARRAGA – AGUSTIN LACOSTE
JOSE ECHEVERRIA – GASPAR GARRAGARAY
Lemazaina, MARIANO LARRANDIA
Alacantetik itzuli ondoren eta Real Sociedad elkarteak egindako diru biltzeari esker, beste elkarte askoren partaidetzarekin, Italian Yola bat egiteko enkargua egin ahal izan zuen Ur-Kirolak elkarteak: Ametza ontzia
Txapelketetan lortutako emaitza bikainek bultzatuta, aurkari berrien bila joatea erabaki zuten; lehen estropada Donibane Lohitzunen egin zuten, Côte Basque txapelketa. Donostiako Itsas Elkarteak irabazi zuen eta UR-KI bigarren geratu zen.
1926
Urte honetan bertan behera geratu zen Espainiako Txapelketa. Donibane Lohizuneko Nazioarteko Estropadan parte hartu zuen UR-Kik, eta aise irabazi zuen Frantziako zortzi ontziren aurretik. Côte Basqueko txapelketan ere parte hartu zuten, eta aurreko urtean bezala bigarren geratu ziren Donostiako Itsas Elkartearen atzetik.
1927
Espainiako Federazioak UR-Kiren esku utzi zuen Espainiako Txapelketaren antolakuntza eta Donostian jokatu zen uztailaren 24an. Canoe modalitatean ere parte hartzea erabaki zuten; Pedro Carril izan zen aukeratutakoa, eta garaipena lortu zuen.
Lauko yolan ere garaipena lortu zuten Bilboko Estropada Elkartea, Bartzelonako Maritimo, Donostiako Itsas Elkartea, Malagako Elkartea eta Alacanteko Estropada Elkartea atzean utziz. Jarraian lortutako hirugarren txapelketa zenez Erregearen Kopa eskuratu zuten. Arraunlariak honakoak ziren:
JOSE VICUÑA – AGUSTIN LACOSTE
JOSE ECHEVERRIA – ANGEL LIZARRAGA
Lemazaina, ISIDRO BEITIA
Estropada honetan Ametza yola erabili zuten, Donostiako elkarteen laguntzarekin egindako ontzia.
Aurreko urteetan bezala Donibane Lohizuneko Nazioarteko Txapelketan ere parte hartu zuten, garaipena lortuz.
1928
Urte honetan Bilboko ibaia aukeratu zuten lauko yola modalitateko Espainiako Txapelketa antolatzeko, uztailaren 22an. UR-KIk berriz ere nagusitasunez irabazi zuen. Bilboko Estropada Elkartea, Abrako Maritimo, eta Alacanteko Estropada Elkartea gainditu zituzten arraunlari hauek:
JULIO ITUARTE - JOSE VICUÑA
AGUSTIN LACOSTE – DOMINGO ALVAREZ
Lemazaina, ISIDRO BEITIA
Canoe modalitateko estropada ere jokatu zen; ANGEL LIZARRAGA jokatu zuen eta txapeldunorde izan zen, Bilboko Estropada Elkarteko arraunlariaren atzetik.
1929
Urte honetan Bartzelonan jokatu zen Espainiako Txapelketa, irailaren 8an. Giroa berezia zen, UR-KIk aurreko lau txapelketak irabazi baitzituen. Kataluniako talde guztiak mendeku bila zebiltzan, ez zuten onartzen gure indarrak beraien teknika hobea menderatzea. Uste zuten Kantauriko ur mugituak zirela arazoa, baino ez ziren gogoratzen Alacanteko ur bareetan ere irabazi zuela UR-KIk.
Estropada antolatu zen 2.000 metrotan ziaboga barik, zuzenean eta gaizki balizatuta. Tarragonako ontzia bi aldiz atera zen bere balizatik eta gure Ametza oztopatuz irabazi zuen estropada.
Partehartzaile guztiak erreklamatu zuten emaitza, baina epaimahaian ez zuten adostasunik lortu; Federakuntzaren eskutan utzi zuten erabakia eta honek estropadako emaitza berretsi zuen egun batzuetara.
Gure arraunlariak hirugarren sailkatu ziren eta oso minduta itzuli ziren han gertatu zenekin; hala ere harro eta konfiantza osoaz etorri ziren. Arraunlari hauek izan ziren Bartzelonako estropadan:
JULIO ITUARTE – RAMON ANSO
AGUSTIN LACOSTE – DOMINGO ALVAREZ
Lemazaina, ISIDRO BEITIA
Canoe estropadan PEDRO CARRILek parte hartu zuen eta bigarren sailkatu zen. Tarragonako Itsas Elkarteak irabazi zuen txapelketa.
1930
Bilbon jokatu zen Espainiako Txapelketa yola eta canoe modalitateetan, abuztuaren 15ean. Ur-Kirolakek aurreko urteetako nagusitasuna berreskuratu zuen, aurreko urtean Katalunian gertatutakoa ahaztuz .
Estropada 2.000 metro zuzenean antolatu zen, argi eta garbi irabaziz Tarragona, Bilbo, Bartzelona eta Santanderren aurretik; Kataluniako arantza atera zuten era honeran Ur-Kiorlakeko arraunlari hauek:
JULIO ITUARTE – LUIS OLLOQUIEGI
LUIS ITUARTE – FERNANDO LACOSTE
Lemazaina, JAVIER GARIN
1931 – 1932 - 1933
1929. urtean sortutako haserrea oraindik ez zen itzali eta Ur-Kirolakeko arraunlariek hiru urte hauetan Espainiako Txapelketan ez parte hartze erabaki zuten. Bilbon Espainiako Txapelketa irabazi osteko hiru urteetan soilik Donibane Lohizuneko txapelketan parte hartu zuen; 1932. urtean Euskal Kostaldeko txapelketa lortu zuen Ur-Kirolakek.
1934
Donostiako Itsas Elkarteak antolatu zuen urte honetan Espainiako Txapelketa. UR-Kik parte hartzea erabaki zuen, Donostiako Itsas Elkarteak antolatzen zuelako eta elkarte horrek utzi ziolako Ur-Kirolaki lehen yola. Abuztuaren 15ean jokatu zen txapelketa eta Ur-Kirolakek irabazi egin zuen canoe eta yola modalitateetan. Hauek izan ziren arraunlariak:
CANDIDO ABALDE – FELIX ERDOCIA
FERNANDO LACOSTE – JULIO ITUARTE
Lemazaina, MARIANO LARRANDIA
Urte honetan, diru bilketa herritar bati esker UR-KIROLAKek ontzi berria erosi zuen. Dirua jarri zuten donostiar guztien omenez, DONOSTIA izena jarri zioten.
1935
Abenduaren 22an jokatu ziren Bartzelonan Espainiako txapelketak. UR-KIROLAKek DONOSTIA ontzi berriarekin parte hartu zuen.
Lehen estropada canoe modalitatekoa izan zen eta gure taldeko CELESTINO OLAIZOLAk txapela lortu zuen, Tarragonako Itsas Elkartea eta Bartzelonako Maritimo menderatuz. Lauko yolan ere garaipena lortu zuen elkarteak Kataluniako zaleen aurrean. Arraunlariak honakoak izan ziren:
ROQUE AMUNARRIZ – FELIX ERDOCIA
FERNANDO LACOSTE – JULIO ITUARTE
Lemazaina, MARIANO LARRANDIA
Urte honetan Euskal Kostaldea txapelketan ere parte hartu zuten, txapela irabaziz.
LEHEN AROAREN LABURPENA
1936ko gerrak bertan behera utzi zituen elkartearen ekintzak. Gerrak luze jo zuen eta, besteak beste, kirol ekintza guztiak bertan behera geratu ziren. Ondorioz, esan dezakegu data honek elkartearen lehen aroa mugatzen duela. Ondorioz, lehen garai honen laburpen bat egiteko moduan gaude.
Arraunlari aintzindari haiek gure elkartea sortzea erabaki zutenean, euskal kostaldean tostako arrauna zen nagusi, batelak eta traineruak. Aulki mugikorra mediterraneoko Itsas Elkarteetako aristokraten gauza zen. Gure artean gauza berria zen, eta hasieran kaleko umeen arraunketa bezala ikusten zen. Ordurako, ordea, nazioartean modalitate hau jada oso garrantzitsua zen; gaur egun ere horrela da.
Aulki mugikorreko teknikan esperientziarik gabe, aholkularitzarik gabe, inprobisatuz eta tostako arrauna aulki mugikorrera egokituz hasi zuten abentura. Teknika ez zen oso egokia aulki mugikorrerako eta adituen kritika asko jaso zituzten; hala ere, teknika eraginkorra zen eta horren ondorioz azkar lortu zituzten lehen txapelketak. Lehen etapa honetan, jokatu ziren zortzi txapelketatik zazpi irabazi zituzten. Hori gutxi balitz, canoe modalitatean ere hiru txapelketa irabazi zituzten. Zalantzarik gabe, hasiera ezin hobea izan zuen elkarteak.
Zalantza barik, talde aitzindariaren ahalegina zoragarria izan zen; lana, goragarria; irrika, pare gabekoa; hutsetik abiatuta elkarte bat sortzeko gai izan ziren:
Bere gizontasunagatik aukeratutako kirolean.
Ontziolari guztien izaeragatik.
Bere erantzukizun handiagatik ekintza guztietan.